XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Horregatik gaituzue zalantzatan, geure zirriborro honetako muga estu jakinen barruan, Gazteluzar-eneko etxekoandreak horren jeloski gordetzen zuen altxorrari buruzko xehetasun eta adierazpen gehixeago eman ala ez eman, merezi duen ala ez.

Puntu honetaz interesaturik bazeundete, onena zera izango baitzenukete, hartu eta zuzenean Mikel Ibarrondori berari galdetzea, hark esplikatuko bailizueke guk baino mila aldiz hobeto zera: hipotesi txalogarrienen arabera, Gazteluzar-eneko ontzako urre tesoroa, agi denean, Aizpitarteko leize-zuloetan bizi izan zen gizatalde ehiztari hark asmatutako harreman-neurria izan bide zela, eta nola apur-apurka eta urteen poderioan altxor hau hedatuz eta aberastuz joan omen zen, lurralde-eremu zabaletan zehar eta barrena erabilera arrunteko moneta bihurtuz;

eta nola Urantzu ibar honetako muino eta padura guztietan aurki daitezkeen ontzako urre hauen aztarren distiratsuak, zenbaitetan lur-azalean bertan, beste zenbaitetan, berriz, oraingo etxeak eraikiak daudeneko orubeetan azterketan hastea posible balitz, hantxe azalduko liratekeela oso sakonera sartu beharrik gabe, gertatu ere Udaletxeko paper zaharretan gertatu den bezala, han, adibidez, aski izan baita pare bat arasatan bazterturik zeuden beste hainbat liburukote zaharri hautsa astintzea, zera azaltzeko, alegia, Gazteluzar-eneko gordailuan bilduta dauden (ez: zeuden) moneta zahar urrezkoen ale berdintsuak, edo, ale osoak ez badira ere, ale-printzak bederen, metal bereko hauts-zipriztinak behinik behin.

Eta hau guzti hau eta beste hainbat gauza jakingarri eta deigarri eman liezazueke aditzera Mikel Ibarrondok, Urbietako Ibarrondotarren historiari buruzko tesi doktorala summa cum laude kalifikazioaz Vincennesen aurkeztu zuenak, eta zinez gomendatzen dizuegu harengana jo dezazuen argibide gehiagoren bila, zeren eta, besteak beste, honako hau ere esango bailizueke: (...)